Trapaila dator

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Iraileko lehen asteburuan arraunak isilarazten du futbola. Hala dio lege zaharrak eta ez dut nik urratuko. Reala ere beste ontzi bat gehiago da. Balantza txiki bat egin zuen lehenengo paladetan, Bartzelona aldean, baina gero ondo gogortu du txalupa. Horixe da lehenengo hilabetean izan duen meritua: dotorezia iritsi bitartean eta brankaz itsasoaren aurka abiatu den honetan ontzia ondo egonkortzea. Kalitatea tarteko zilegi diren arrakasta ametsak poparian etorriko dira, non eta aurretik trapaila gainditzen jakiten bada. Imanolek denboraldi hasieran esaldi gogoangarria utzi digu. «Aspaldi ez dut Realeko jokalaririk ikusi lau puntu eskatzen dituen zauri batekin zelaia uzten». Jarrera, agresibitatea eskatu die mutilei. Manuel Lasartek bertso batean aipatu zuena datorkit burura. «Asieratik mantxo, gerora gordindu/ bear danean jota bentajak berdindu/ Altxerrik ori aurten askotan egin du/ patroi onak badaki lana noiz agindu». 1974 urteko Orioz ari zen, baina gaurko Realaz ari zitekeen Imanol Altxerriren tokian jarriz.

Grina eta lana. Hori da plana ontzia ur zikinetan doan bitartean. Etorriko da bikaintasunaren eta distiraren unea, denak bate-batera arraunketari txinpartak ateratzeko garaia. Txirrita ere nonbait ados dago irakurketa honekin, hala idatzita utzi baitzuen arraunlarien inguruan: «Soberbiyarik gabeko mutill prestubak eta zuzenak/ despreziyorik ez du merezi fiñ jokatzen dan gizonak». Lehenengo txanpa besterik ez da pasatu eta datorren astetik aurrera datoz olatuak brankaz. Nekea eta sufrimendua orain bueltakoan gozatu nahi bada. Eta saririk etortzen ez bada, ez dadila barrua hustu ez delako izan. Basarrik idatzi zuen: «Bizkor asi ta bizkor bukatu an etzan iñor makaldu/ joko guzitan gertatzen dana: norbaitek bear zun galdu;/ ta bakoitzari berea eman, zertako temari eldu?/ Langille onak bere soldata irabazia ez al du?/ Guziak onak izanagatik batek onena bear du».