Reala, loretan

Barrenetxea en el entrenamiento de la Real Sociedad, en Zubieta. /Morquecho
Barrenetxea en el entrenamiento de la Real Sociedad, en Zubieta. / Morquecho
Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Garai batean, urte sasoi honetan loretan zeuden gure inguruko zuhaitzak. Garai normaletan. Orain, otsaila-martxoa partean, eguzkiak neguari barre egiten dio eta udaberria dakarkigu, presaka. Orain dena presaka doa. Aldaketa klimatikorik ez zenean, ordea, maiatzean hasten ginen lehen loreak ikusten. Ederra garaia. Baina tira, gatozen harira. Loretan da Reala (Erreala nahiago nuen nik, baina Reala omen da). Ez ikaragarrizko denboraldia egin duelako. Kaskarretik gehiago izan duela esango nuke. Baina loretan da, etorkizuneko oparotasuna antzematen hasi zaiolako. Biharko loreen printzak ikusten hasi garelako. Harrobiko hiruzpalau jokalari berri lehenengo taldean maila emateko moduan daudela ikusi dugu, baita beste zenbait pixkanaka agerraldiak egiteko daudela ere. Loreak ateratzen hasten diren momentua ederra da gero! Dena da ilusioa. Hortxe gaude. Udaberrian. Loretan.

Kontua da aldaketa klimatikoa futbolera eta Realera ere iritsi dela. Eguraldi onarekin, jaiotzen hasi diren lore horiek etorkizun zoragarria iragartzen digute. Baina hotza eta kazkabarra noiznahi etor daitezke. Baita berez tokatzen ez zaienean ere. Merkatuaren tentaldien eta neurrigabeko gorespenen ondorioz, gure lore preziatuak ihartu egin daitezke. Era berean, kanpotik ekartzen diren fitxaketek bertako loreen garapena ere baldintzatu dezakete. Horrek epe motzeko emaitzetan islada izango balu, gaitzerdi, baina bestela txikizioa bikoitza izango litzateke. Adi beraz Realeko kirol kudeatzaileak. Loreak ateratzen hasi dira, baina orain zaintzea komeni da, eta etor daitezkeen negu klase desberdinetatik babestea. Klima egokia ezartzeko, erabakietan asmatzeko alegia. Ez da nolanahiko erantzukizuna. Futbolean bereziki, erabakien ondorio txarrek kritika zaparrada eragiten dute. Emaitza onak, aldiz, zerutik erortzen direla ematen du. Harrobiko bederatzi jokalarik lehenengo mailan debutatzeak ez du zertan ezer ona edo txarra esan. Talde baten hondamendia irudikatu dezake, eta baita aberastasuna ere. Bederatzi jokalari gazte lehenengo mailan aritzeko ondo prestatuak egotea da albiste on bezain deigarria. Eta errealitate horren meritua klubarena da, bai harrobiko lanaz arduratzen diren teknikariena, eta baita kirol plangintza orokorra diseinatzen dutenena. Orain, loreak zaintzera.