Pernando Amezketarra

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Ez dago futbolik asteburu honetan. Realak ez du partidarik. Bi esaldi hauek entzungo zenituen azken orduotan. Lehenengoa gezur biribila da eta bigarrena ez da egia osoa. Realak Gipuzkoako zelaietan barrena jokatzen du gaur, Unben, Loinazen, Berion, Astin, Ibarran, Ugaldetxon, Usabalen, Matigoxotegin, Ubitarten, Zubipen, Errotazarren, Mintxetan, Rezolan, Azkogainen, Ipin-tzan, Fanderian, Bikuñan, Garmendipen... Leku horietan jokatzen dute biharko Reala osatuko duten gazteek. Bertatik atera ziren Aritz (Elustondo), Andoni (Gorosabel), Igor (Zubeldia), Martin (Zubimendi) eta Mikel (Oyarzabal), eta bertatik sortuko dira Manex, Julen, Josu, Aimar edo dena delakoak. Herrietako elkarteak dira Realaren iturri zaharra, eta ur berria edaten jarrai dezan komeni da haiekiko begirunea ez galtzea. Laster Reale Arenan zenbat sartuko garen hizketan ari garen honetan, ez al da aurretik egin beharreko galdera arestian aipatutako zelai bakoitzean zenbat ikusle biltzen diren? Bertakoa ikustera hurbildu gabe, zuzenean piramidearen puntara jauzi egin dugu azkenaldian. Deigarria egiten zait zenbat mutil koskor joaten den Anoetara partidak ikustera bizilagunek egin dutenari kasu gehiegi egin gabe. Estadio berria guztion etxea omen da. Hori ondo barneratu dugu. Giroa ere halakoa sortzen da eta taldeak gainera lagundu egiten du. Baina ez al gara norberaren etxeaz ahaztuko? Realaren inguruan, gutako gehienon proiektuekin gertatzen den bezalaxe, nora goazen asko galdetzen da. Nondik gatozen ez hainbeste, ordea. Zer egingo diogu? Leo Harlem edo Buenafuente Pernando Amezketarra baino lehenago ere ezagutzen dituzte gaur gure gaztetxoek, eta hori larriagoa da. Biharko egunez jaio zen 1764ean. Egun aproposa bere pasadizoren bat irakurri eta herriko futbol zelaira partida ikustera gerturatzeko.