Pena? Ze pena?

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Askotan kontatu du Imanolek Kopa irabazi zuen gau hartan presidenteak belarritik tira eta taldea Europan sartu behar zuela exijitu ziola, artean apirilean. Hori da Realaren biharamunaren neurria ematen duen pasadizoa. Klub honek ezin du parranda ondorengo buruko minagatik minuturik galdu aspaldi honetan abiatu duen bikaintasunaren bideari eutsi nahi badio. Bihar denboraldia bukatzen dela esatea bezain egiazkoa da Zubietan hurrengoa aspaldi hasita dagoela baieztatzea.

Antton Valverde musikari eta abeslariak 79 urte bete-tzen ditu gaur. Eta hark kantatzen zuen bezala, «itsuak ezin ikusi, mutuak hizketan ez daki, eroak adimen gutxi». Begiak ondo irekita jarraitu behar du Realak inguruko talentua bereganatzeko, ez baitira ez Sorloth eta ez Rafinha bezalakoak etorkizuna bermatuko dutenak. Sinesgarritasuna galdu samarra duen entrenatzaile bizkaitar batek zera esan berri du: Athletic-en arazoa ez dela Oyarzabal bezalako jokalari txuri-urdinak orain ezin erosi izatea, baizik eta horrelakoak 14 urterekin Lezaman egon beharrean Zubietara joatea. Ez da berria guda hau, baina gaiztotzeko zorian dago. Bestalde, mutuak hizketan ez daki. Futbolaren diskurtsoa –ezagutza tekniko, taktiko eta fisikoa– gazte gipuzkoarrei helarazteko formakuntza mailetan egindako lanak emango dio bideragarritasuna lehen taldearen asmo handiari.

Honekin batera, ordea, burua ez galtzea komeni da, eroak adimen urria baitu. Pena nagusitu omen zen aldagelan Europako txartela ziurtatu zuten gau hartan, Champions lehiaketa erakargarri bezain errentagarrian parte hartzeko aukera ustez galduta. Pena? Etorriko da horretarako garaia. Edo Reala betirako hor goiko puntan egongo dela uste dugu? Valverdek Lizardiren olerkia abesten zuen: «Biotzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, udaondoz, negua du galazi-eziña». Etorriko da, bai, negua. Orduan, pena.