Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Heldu da, halako batean, porrota. Hari begira jar gaitezke handiustez eraikitako jauregitik edo ezkortasunak ilun uzten duen kobazulotik. Hobe gure 'bordatxotik' begiratzea. Basarriren behatoki naturaletik. Halaxe esango lieke gaur Realeko jokalariei. «Etzaizute falta osasunik, etzaizute falta indarrik / zuengandikan espero leike, ai, etorkizun ederrik / Zuen baratzan ez bedi sortu komeni ez dan belarrik / Ortik aurrera nik ez dadukat geiago esan bearrik». Monakon gertatu zenari bueltak ematen hasi beharrean, analisi xumea egingo luke hark. «Ezin jokatu zeiken iñork gizonago / lan danak egin zitun asi ta akabo / Galtzalleantzat onra besterik ez dago / biren artean batek bear du geiago». Realak Championseko talde bat erraz mendean hartuko zuela ustea Granada errekan amuarrainak ordez bisiguak hazten direla pentsatzearen parekoa da. Argi! Amuarraina ere, ondo prestatua, gutizia izan daiteke. Behin Basarriri gai xelebrea jarri zioten. Berak eta Xalbadorrek partida irabazi omen zieten (pelotan) Uztapideri eta Azpillagari. Hala bota zuen: «Partidu ori nolakua zan nik ez dadukat aztua / guri txaloka arrotu baitzan gaiñeko jende prestua / Ai, Xalbadorri ta Basarriri galtze' ezpazaie eskua / len galdu dunak berriro ere izango du arriskua». Ez zaiela, alegia, jokalari txuri-urdinei futbolean jokatzen ahaztuko eta berandu baino lehen berriz partidak biribiltzeko moduan izango direla. Betiere autokritikan sakontzen badute.

Mateu Lahoz izango da bihar epaile Espanyolen aurka eta horrek ere sortu du halako ezinegona. Gure gaurko 'bordatxotik' begiratuta, hala esan beharko genuke: «O adiskide, ez nazazula aldamenetik tentatu / Gu biok alkar ola jotzian badaukagu zer kontatu / Bertsolariak juraduakin sarri ez dira kontentu / Lenengo egin biar dana da bertsoak ondo kantatu». Gaur 108 urte betetzen dira Basarri jaio zenetik. Zorionak Inazio! Eta aupa Reala!

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios