Kontsuelo

GAIZKA LASA

Futbola gustuko ez zuen emakume batek egin zidan behin aitorpena. Realak egiten zuena asko axola zitzaion, horren araberakoa izaten baitzen gero etxeko giroa. Senarra talde txuri-urdinaren jarraitzale sutsua izanik, umorea oso bestelakoa izaten zuen taldeak garaipena lortzen zuenean edo porrota jasotzerakoan. Hori, nonbait, sukaldeko mahaian ez ezik, gero ohe kontuetan ere antzematen zen. Andoni Egañak halako emakume baten paperean hala kantatu zuen: «Errealari irabazteko lagundu, ene Jainkoa!/ Realak hainbat gol sartzen dizkit, hortantxe dago kakoa!». Eta Maialen Lujanbiok ere bikote eztabaida bat irudikatuz, beste hau bota zuen: «Igandez hasarra-tzen gera urtez urte/ Real Madrilekoa ein behar zenduke». Bada nire ezagun horrek horixe sentitzen zuen. Zoritxarrez, adin kontuak medio, orain beste plazer batzuetara pasatu denak Realaren bolada apal bat harratapu zuen. Irabazi baino galdu gehiago egiten zuen orduan taldeak. Senarrak ozpinduta bukatzen zuen astea eta bakarkako irakurketan murgildu behar izaten zuen emazteak futbolaren albo kalteetatik urruntzeko. Eleberri mamitsu askoak zor dizkio Realari.

Pentsatu nahi dut egun kontrako egoeran aurkitzen denik ere izango dela. Taldeak zabaltzen duen zoriona leku intimoetara ere iritsiko dela, alegia. Asko aldatu dira gauzak. Realak hiru egunetik behin jokatu eta irabazi egiten du, izan Espainiakoa edo Europakoa arerioa. Ez da batezbesteko txarra beste horretarako. Orain aurrean duen taldea menperatu egiten du ia beti, zenbaitetan nagusitasuna markagailura eraman ez badu ere. Orain, kanpoko entrenatzaileek onenen pare jartzen dute Reala. Orain, realzaleak dibertitu egiten dira futbolean. Orain, bertako jokalariek hemen geratu nahi dute. Kontsuelo izena du gogoeta hau piztu didan emakume horrek, nola bestela. Pozten da Realarengatik. Gaur bere alaba doa Anoetara kuadrillarekin, eta mutil-laguna bila joaten zaio. Oso maiteminduta dabiltza, ezkonberritan. Apustu egingo nuke laster haurdun geratu baietz.