Herri mina

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Oporretatik bueltan etorri berriak izango zarete asko. Ez didazue esango etxera itzultze hori ez dela xarmangarria? Urruti ibili ondoren berriro ere zurean eta zureen artean aurkitzea da udak uzten duen gauza ederrenetakoa. Eguzkitan itzala harrapatzea bezala. Horixe dakar kanpora joateak. Herri mina. Zorigaiztokoa nongoa den ez dakiena. Sentimendu zoragarria galtzen du. Galdetu bestela egun hauetan hondarribiarrei edo oriotarrei. Harro jantzi dituzte euren koloreak. Arraunak ikasgai asko uzten dizkigu, baina nabarmenetako bat horixe da: bakoitzak bere etxea defendatzeko azaltzen duen grina (beti ere aldamenekoa pakean uzten badu, noski).

Garai garaikoa dugu gaia, gehienok azken asteetan etxetik kanpo egun batzuk egin ditugulako -oso urruti izan ez bada ere- eta Reala aspaldi honetan erbestean daukagulako. Laster beteko da hilabete liga hasi zenetik eta txuri-urdinek ez dute oraindik etxean jokatu. Hau baino larriago da, ordea, hilabete horren bueltan realzale sentitzen direnek ezin izan dutela taldea etxeko girotik bultzatu. 500 lagun joan ziren Valentziara lehenengo partiduan. Ardi galduren bat ere Mallorcan ibiliko zen. Eta hirugarren irteera non, noiz eta nola gertatu zen ez dut gogoratu ere egin nahi. Bada garaia etxeko berotasunaz gozatzeko.

Badakit realzale guztion etxea eraikitzen aritu direla eta hori izan dela taldea gurera hain berandu etortzeko arrazoia. Baina, zer nahi duzue esatea? Hori kontrarioari abantaila ematea dela iruditzen zait. Parkean dabilen haur azkarrenak bera baino motelagoa den ume gaixoari karrera egiterakoan uzten dizkion metroak datozkit burura. Hasi hasi, gero harrapatuko zaitut eta. Horixe iruditzen zait hiru partidu jarraian kanpoan jokatzea, benetan sinesten baitut etxean aritzeak mesede egin beharko liokela taldeari. Hala ere, orain arteko batezbestekoa sinatuko nuke denboraldi osorako. Hiru irteera bakoitzeko lau puntu. Egin beharrekoa etxean egin behar baita.

Bazen garaia! Reala etxean. Eta ez dizuet gogorarazi behar nor datorkigun etxera. Ulertuko du ulertu nahi duenak.