Gutxi baina onak

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Gaurko egunez, duela 55 urte, Uztapidek Bertsolari Txapelketa Nagusia hirugarrenez irabazi zuen, eta saio hartan Xalbadorri hala esan zion ofiziotan: «Anai maitea, entzun itzazu beste anaiaren esanak (...), ama batenak gerade baño ez gera berdiñak danak». Kontuan hartzekoa fitxaketen zain gauden egun hauetan. Amaren semeak dira futbolari guztiak, baina ez daude bi igualak. Bakoi-tzak bere dohainak, izaera eta harrikada ditu. Eta kirol mailan ere aniztasuna zabala da. Jokalari berrien izenak jakiteko irrikitan dago realzalea. Zenbat eta baja gehiago ezagutu, orduan eta handiagoa gosea. Etorri beharko direla bospasei gutxienez diote urduri samar jartzen hasita diren nire lagunek. Eta zenbakiei begiratuta, ez dabiltza oso oker. Joan zen Monreal, alde egin zuen Januzajek, badoa Portu eta informazio ona erabili ohi duten lankideek esaten didate Sorloth eta Rafinha ere ez direla itzuliko. Hauez gain, Oyarzabal denboraldi erdira arte behintzat zelaietatik kanpo egongo da. «Etorri beharko dute! Etorri beharko dute!», ditut belarria gorri-tzen lagunak, matematika operazio bat balitz bezala. Zenbat joan, hainbat ekarri.

Baina denak ez gara berdinak. Ama berarenak berdinak ez badira, pentsa besteak. Izen dantza ahoz aho dabil eta hobe dute Realeko arduradunek merkatuaren itsaso zabal horretan arrainak ondo eta eta, sarea botatzen hasi baino lehen, banan banan aukeratzea. Jakingo dute honezkero, baina badaezpada historian ondo atera den errezeta gogora-tzea komeni: Kanpokoak, gutxi baina onak. Ahalik eta gutxien, ahalik eta hoberenak. Izen asko etorri izan direnean zer gertatu den begiratzea besterik ez dago. Harrobiaren apustua hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Oreka. Hori izan da beti gakoa. Bospasei? Gehiegi iruditzen zaizkit. Oreka TX taldeak abesti bati hala jarri zion izena: 'Keinuka ilargiari'. Ez gaitezen hala ibili. Hobe oinak lurrari itsatsi.