Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Realak gaur bisitatzen duen estadio eder horri eman dioten izen sakratuak Berri Txarrak taldearen abesti kutunera narama. Eta Gorka Urbizuren sakontasunak, berriz, Realaren bilakaerara. Katedral bat eraiki du klub honek hegalik gabe sortu ziren jokalari pusketekin -bigarren mailako lursailetan hazi da ondoren etorri dena- eta bertako beiratetik sartzen diren eguzki izpiak ikusten ditut nik Bilbora txuri-urdinez jantzita joango diren zaleengan. Gipuzkoatik Bizkaiko hiriburura egingo den bidaia barne ibilbide baten adierazgarri da. Realzalea ez da makurtzen erlijio zuri-gorriaren santutegian. Errespetuz eta umil, baina harro azaltzen da eta, batez ere, bere indarguneez jabetuta, sendo, itxaropentsu.

Bere barne gatazkak ere izan ditu. Fededun guztiok izaten ditugu. Hirugarren postua joan zaigula, Championsa garestitu dela, gol eskasia etorri dela... Baina abestiak dioen bezala, neure ahotsa bilatu eta beti besteena entzun behar izaten da. Azken urteotako Athleticen emaitzak entzun. Bost urte Europan jokatu barik eta ia 40 titulurik altxatu gabe. Ezingo diogu ukatu lana, kemena eta lehiakortasuna. Duen historia eta babes sozialagatik ez bada ere, talde handia da Athletic, gipuzkoar batzuei gustatu ala ez. Ez da musa hoberik. Bere etxera joan eta kirol legez, merezita, garaipena lortzea beste edonon arrakasta izatea baino suspergarriagoa ez al da?

Hau horrela, gauzak bere neurrian hartzea komeni. Gauean lo hartu ezinik egon diren horiengatik diot. Partida bat da. Futbola. Irabazi, berdindu ala galdu, lagunarteko uneak luzarazi eta maitasuna egin maite ditugunekin. Etxe askotan izango dira bi koloreetakoak. Ez gaitezen pipertu. Basarrik ohartarazi zigun: «Jolas guziak onak ditugu neurriz, bear dan moduan/ bakoitza bere zaletasunez, danok gustora orduan/ Beldur naiz jaunak erri zar onek zer egingo ote duan/ Baloi zarraren kezka besterik ez al da bizimoduan?».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios