Real Sociedad

Futbolarekiko atxikimendua, desintoxikazioa eta desengainua hizpide Kornerren

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Kultura&Futbol Festibalaren laugarren egun honetan, hitza izango da zelaian. San Jeronimo Aretoan, Donostiako Alde Zaharreko antzinako Liburutegiaren koban, arratsaldeko 19.30etan, Juan Luis Zabala, Azkoitiko Txalintxo taldeko aulkia airoso eta sarri berotu zuen kazetari eta idazlea epaile moduan dutelarik, Koldo Almandoz zinegilea, Ana Malagón produktu digitalen diseinugilea, eta Legazpiko abeslari ospe, izen eta oihar-tzun handikoa den Gari Euskal Kultura eta Futbolaz arituko dira.

Koldok ez du bere burua futbolzaletzat jotzen Errealzale baizik. Gariren esanetan, txikitan Athleticeko elastikoa janzten zuen ume legazpiar bakarra zen bera. Anak (bere blogak 'samuraitasuna' du izena) gogoan du partiduak erretransmititzen zituela irrati baterako piperrik ikusten ez zen Anoetako izkin batetik.

Hiru desenkantu

Futbola maite dute hirurek. Edo maite izan dute. Garik dio 'desintoxikazio' prozesuan dagoela, egun zelaietan, estadioetan eta hedabideetan agertzen diren baloreak ez baitira bereak. 'Ignorante hutsa' estrategia, taktika eta teknika arloetan, Hertzainak talde mitikoaren abeslariak aspaldiko futbol sentimendu fier, sakon horri helduko lioke gustura berriro. Aitarekin San Mamesera joaten zen garaiko horri. Zarra, Iriondo edota Iribar izarrak baino mito eta eredu zireneko horri.

Anak uste du aipaturiko desenkantu hori gizartean ere islatzen dela. Ziurrenik krisialdiak eraginda. Zaleak amildegiaren ertzetik ibiltzen ziren bitartean, futboleko izarrek inoiz baino gehiago kobratzen zuten eta futboleko tratularien (agenteen) jokoa putreen parekoa zen milioi eurotako dantza ikaragarrian. Bestalde, idazle honen ustez, egungo gizarteak egungo futbol egiturak betetzen ez duen hainbat engaiamendu eskatzen die, jada, bai erakundeei bai politika mailako bere ordezkariei. Futbola ez bada arrimatzen zaleek aintzat jotzen duten baloreetara, estadioetatik egingo dute alde. Emakumezkoen futbolaz galdetua, animoso agertzen da baina beldur ere ez ote den gizonezkoenamurgildu den tranpan beran eroriko.

Koldorentzat errealzaletasuna Tomas aitarekin lotzen duen haria baino soka estuagoa da. Gogoan du familia osoa joan zela Errusiara Errealaren segizioan. Gogoan ditu jokalariek erretiroa hartzen zutenean ardo edo kirol dendak irekitzen zituzten garai horiek. Gogoan du epika. Orain 'intimitatean' baino ez du futbolaz hitz egiten. Eta gaur, Ana, Gari eta Zabalaren konpainian, Kornerren.

 

Fotos

Vídeos