Imanol Agirretxe, Zubietan. / lobo altuna

Imanol Agirretxe: «Realean jokatzea ametsa izan zen eta zale bezala irabaztea, beste bat»

BEÑAT BARRETO Donostia

«Beti egingo duzu gurekin hegan», esan zuen Realak orain dela urte pare bat. Sevillan lortutako Kopa hau Imanol Agirretxerena (Usurbil, 1987) ere bada duela bi urte azken aldiz zelaian lur hartu bazuen ere. Usurbildarrak La Cartujako harmailetan ospatu zuen Realaren garaipena.

- Egunak igaro dira. Kopa horrela irabazteak zer sentsazio utzi dizkizu? Hotzak agian?

- Bai, izan daiteke. Denok gaude zoriontsu 34 urte geroago Kopa irabazi dugulako. Orain arte bizi gabeko zerbait disfrutatu dugu azkenean. Zaleekin ezin izan dugulako ospatu hotza gertatu da, baina era berean pixkanaka jabetu behar dugu irabazi dugunaz. Arraroa izan zen dena Sevillan, baina horrela tokatu da.

- Final korapilotsua izan zen. Realak ondo kudeatu zituen partidako une desberdinak?

- Bai, aurkariak behar duen errespetuarekin jokatu zuela uste dut. Inork ez zuen akatsik egin nahi eta ez zuten gehiegi arriskatu. Realak ez zuen pauso okerrik eman eta jokoan nabaritu zen. Azkenean penaltiak apurtu zuen finala. Realak baloia ondo mugitu zuen eta Athleticek ez zuen ia arriskurik sortu. Azken minutuetan ez zen partida erotu eta Imanolen taldeak dena kontrolatuta izan zuen.

- Horrelako Athletic bat espero zenuen?

- Beno, Realak ere ez zuen aukera gehiegi sortu. Nahiko parekatua izan zen. Ez genuen sekulako partida ikusi, bi taldeen artean tentsio eta errespetu handia zegoelako. Hasierako euri zaparradak ere ez zuen batere lagundu.

- Oso pozik ikusi zintugun harmailan ospakizunetan.

- Sekulako poza hartu nuen, bai, izugarria. Realzale guztiontzat une garrantzitsua zen eta Kopak ilusio handia sortu du Gipuzkoan. Final-aurrekotik finalera bitartean igaro den denbora luzeak ez du lagundu. Horrenbeste itxoin eta gero, poz handiagoa sortzen du. Nik 34 urte ditut eta jaio gabe nengoen Realak aurreko Kopa irabazi zuenean. Merezimendu osoz itzuli da etxera. Zorionez, talde honek jarraitutasuna du bere ibilbidean eta Kopa hau ez da kasualitatez iritsi. Pixkanaka-pixkanaka gora doa taldea. Realak Kopa honetako partida guztiak irabazi ditu eta hori oso zaila da.

- Zer emango zenuke Realarekin Kopa irabaztearren?

- Beti esan izan dut Realarekin jokatzea ametsa izan dela nire-tzat. Igandero nire kamiseta janztea ia erantzukizuna zen. Titulu bat irabaztea, berriz, ametsaren ametsa. Realarekin jokatutako minutu guztiak altxor bat dira eta orain zale bezala bizitzea, berriz, beste amets bat.

- Eta jokalari bezala zelai gainean lortu bazenu?

- Bada, ametsaren ametsaren ametsa.

- Egungo plantillako hamabost jokalari Imanolekin aritu ziren Sansen.

- Zorionez, Zubieta beti dago presente Realean. Klubak garbi du beti hori eta urtetik urterako emaitzek eta sentsazioek arrazoia ematen diote lan egiteko era horri. Lehenengo taldean nengoenean gertutik ikusi eta bizi izan nuen. Bigarren mailan aritu ginenean ere harrobiak garrantzi handia izan zuen, klubaren historia osoan bezala. Harrobiak beti paper garrantzitsua jokatu du Realean.

- Nora irits daiteke talde hau? Jokalarien batezbesteko adina 25 urtekoa da.

- Ikusi beharko da. Talde oso gaztea du Realak eta gauza handiak lortzen ari da dagoeneko. Bilakaera honi eusten badiogu, segur aski poz handiak emango dizkigu. Gure aldetik, harrobitik, bultza egingo dugu goraka jarrai dezan eta era berean beraiekin disfrutatu dezagun.

- Orain txipa aldatu behar da. Gaur beste derbi bat eta helburua Europan bi urte jarraian jokatzea da, ezta?

- Jokalariak azkarrak dira alde horretatik. Badakite txipa aldatu eta pare bat egun deskantsatu ondoren berriro konpetitzen. Imanol buru-belarri saiatuko da haiei estutzen beste derbi hau ere irabazteko. Eguneroko lanean jarraitu beharra dago, Ligak ez duelako barkatzen. Edozein akats eginez gero, aurkariak puntuak kentzen dizkizu. Erronka handia da beste hau ere.

«Realzale guztiontzat une garrantzitsua izan da Sevillakoa eta Kopak ilusio handia sortu du Gipuzkoan»

- Imanol Alguacili buruz zerbait berrik esango zenuke?

- Egia esan, oso zoriontsu egiten nau berak Realean une historiko honetan lortutakoak. Berak izan behar zuen. Etxeko jokalari eta entrenatzaile izanda, dena merezi du. Imanol harrobitik dator eta urte asko daramatza Realean. Berezia da benetan eta ez da kasualitatea taldeak zelaian eta bere esanetara emandako erantzuna.