Bejondeizuela!!!

Urte malapartatu honetan, hain beharrezkoa genuen albistea etorri zaigu Reala erakargarri honen eskutik

Eneko Goia
ENEKO GOIA

Poza. Zoramena. Zirrara. Emozioa. Malkoa. Garrasia. Besarkada. Ilusioa. Harrotasuna. Sufrimendua. Indarra. Kemena. Fedea. Taldea. Reala.

Bart bizitako sentimenduak adierazten dituzten hitzak jasotzen luze segi nezakeen, asko bait dira. Hitz guztiek ezin dute bildu barruan daukagun poz guztia. Ikaragarria delako. Talde honek sekulakoa egin du. Hiri eta lurralde bati aspaldiko pozik haundiena eman dio. Bizitako urte malapartatu honetan, hain beharrezkoa genuen albistea etorri zaigu Imanolek maisuki zuzentzen duen taldearen eskutik.

Gure herrietako etxeetan berriz ere bandera txuri-urdinak ikusi ditugu azken asteotan. Hori izan da taldearen lehen garaipena: berriz ere realzaleon harrotasuna agerian jar-tzea. Jenerazio berriek badute iada aspaldiko izenak ordezka-tzeko motiborik: Arconada, Zamora, Satrus, Lopez Ufarte eta abarrek, Illarra, Oyarzabal, Isak, Merino eta gainontzeko jokalari guztien izenei egin beharko diete lekua Realaren historian. El Molinon, Atotxa eta La Romadera futbol zelaiekin batera, La Cartuja ere aipatu beharko dugu aurreran-tzean.

Azken bi urteotan Realak berpiztu egin bait du sugarra. Joko moderno, erakargarri eta ausarta izan da bere nortasun adierazlea. Imanolek burua eta bihotza txertatu ditu taldean, eta taldeak, zaleongan. Inoren konplexurik gabe, errespetuz beti, partida on eta ez hain onekin, baina beti ideia nagusiari tinko eutsiz. Horrexegaitik merezi izan du askoren txaloa, baita gure mugetatik haratago ere.

Baina talde honek titulu bat behar zuen. Garaipen garran-tzitsu bat merezi zuen. Eta hementxe daukagu. Hainbestetan amestutakoa iritsi da azkenean. Sufrituz, baina horrek are haundiago egiten du garaipena. Guztiok sentitu gara garaipen horren parte. Ez dakit jokalariak zenbaiteraino jabetuko diren zein garrantzitsua den garaipen hau milaka eta milaka pertsonentzat. Askori, azken urte ziztrin honetako bizipozik haundiena eman die.

Une berezi honetan, norbaiten aipamena egin nahiko nuke. Talde hau ez litzateke honaino iritsi izango azken hamar urteotan presidente izan duen Jokin Aperribayren lanagatik izan ez balitz. Gogoratu besterik ez dago zein egoera zailean hartu zuen taldea Jokinek. Eta gaur egun gutxi izango dira Realaren egoeran: etxeko jende gaztean oinarrituz, emakume zein mutilen futbol taldeek bi lorpen historiko lortu dituzte azken urteotan. Taldearen egoera ekonomikoa ere sendoa da, eta horrek etorkizun oparoa eskaintzen dio. Gogoan dut duela hiru urte, bilera batean, nola adierazten zuen Jokinek konbentzimendu osoz, jokalari jenerazio honek titulu bat eskuratuko zuela. Onartu beharra daukat orduan desio baten moduan entzuten nituela hitzok. Baina Jokinek benetan hitzegiten zuen, sinistitua zegoen, fedea zuen. Uste dut bakoitzariberea zor zaiola, eta lorpen honen meritu zati bat Jokini dagokiola. Imanol izan da Jokinen fede hori gorpuztea eta gauzatzea lortu duen gizona. Bera izan da traineruaren lemazaina, patroia. Berak lortu du jokalari multzo bat talde egitea. Bakoitzaren trebeziak taldearen mesedetan jartzea. Beti lanaren bitartez, gosea eta anbizioa kutsatzea. Oriotar zintzo eta kementsu honen eskutik etorri zaigu realzaleoi berriz ere txuri-urdin sentitzearen harrotasuna.

Azken hitzak zaletu guztientzat dira. Ehun urte luzeko historia duen talde honek gailur hau gainditu badu hori, hein haundi batean, atzean duen auspo eta bultzadari esker izan da. Talde batek atzean herri baten hatsik ez baldin badu, kirol club arrunt bat besterik ez da. Barrutik huts dagoen oskola.

Sinistuta nago oraingo garaipenak jarraipena izango duela, eta oraintxe bizitzen ari garela Realaren beste urrezko garai bat. Neskek ireki zuten bidea, eta mutilek hartu dute lekukoa.

Hori guztia bizitzea eta gozatzea egokitu zaigu. Horrexegatik, penak alde batera utzi eta bizi dezagun une hau gure poza eta zoriona ingurukoekin partekatuz. Errespetuz, tentuz eta arduraz jokatuz, beti ere.

Donostiar guztion izenean, sekulako harrotasunez, talde guztiari, eskerrik asko eta zorionak! Bejondeizuela!!

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi... REAL! TXAPELDUNAK!!