Ezkortasuna San Juan sura

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Igande iluntzean piztuko dugu San Juan Sua. Udako solstizioan sartu garela eta uda iritsi zaigula ospatuko dugu. Ikasturte bukaerarekin lotu ohi da festa hau. Ikasleek oporrak hartzen dituzte, baita langile askok ere. Eta Real zaleok ere hartu beharko genituzke. Aurreko denboraldiari, fitxaketei eta etor daitekeenari buelta gehiegi emateko arriskua dauka garai honek. Ez al da hobe izango baloia eta kamiseta txuri-urdina burutik ezabatu, eta abuztu partean berriz ere konektatzea? Suak propietate purifikatzaileak (omen) ditu. Suaren gainean jauzi eginez gero, gaixotasunetatik eta izpiritu txarrengandik libratuko (omen) gara. Bada, pixka bat behar dugu Reala egunerokoan jarraitzeko gaixotasuna dugunok. Denboraldiak zapore gazi-gozoa utzi digu, bai, baina iruditzen zait taldeak gaizki egin dituen gauzak sutara botako bagenitu, kea ez litzatekeela esaten den bezain beltza izango.

Igandean argiaren garaipena ospatuko dugu iluntasunaren aurrean. Gau horretan pizten diren suak gaitzetik babesten (omen) du jendea urte osoan zehar. Bada, babes gaitzala gure ezkortasun ilun horretatik ere. Hori baita gure gaitzik larriena. Gazte mordoa ikusi dugu ate joka, itxurazko fitxaketak egin ditugu, zelaia ere bukatzear daukagu eta lesioak, sutara bota ondoren, desagertu egingo dira. Zer gehiago behar dugu oporretara lasai joan eta energia positiboz beteta buelta egiteko?

Exijentziaren diskurtsoa entzun dugu presidentearen eta futbol zuzendariaren ahotan. Entrenatzaileak diskurtso hori zelaian egunerokoan islatzen duela ere ikusi dugu azken hilabeteetan. Zerbait erakutsi badu Imanolek zorroztasuna da. Hori ere alde dugu aurrerantzean. Ez ditugu sutara hainbeste gauza bota behar.

Denboraldiari hainbeste buelta eman eta gero, ondo etorriko zaigu suaren purifikazioaTaldeak gaizki egin dituen gauzak sutara botako bagenitu, kea ez litzateke hain beltza izango

San Juan da patroi bezala lan gehien duen santua Hernani, Arrasate, Tolosa edota Andoain bezalako herrietan. Zenbat zale hurbilduko ote dira herri hauetatik Donostiara hamabostero. Gipuzkoa osoan zabalduta dago Realaren gaitza. Eta hemen ere, egun hauetan politikan hainbeste entzuten dugun bezala, indar metaketak behar ditugu. Guztiok norabide berean bultzatzen badugu, taldeak nabarituko du. Eskubide osoarekin eta erabateko zilegitasunarekin harmailetatik egindako txistuak ere botako nituzke nik sutara. Ez dakit oso eraikitzaileak diren, jokalariak zelaian dauden bitartean behintzat. Gero bai, gero kritikak beharrezkoak ere izan daitezke. Baita merezitakoak ere askotan.

Mircea Eliade historialari errumaniarrak errituzko zeremonia honen zentzua hauxe dela adierazten du: «Una combustión, una anulación de los pecados y de las faltas del individuo y de la comunidad en su conjunto, y no una simple purificación, pues la regeneración es, como lo indica su nombre, un nuevo nacimiento». Ez al zaizue Realaren kasua burura etortzen? Bekatu batzuk egin ditu taldeak (baita kirol zuzendaritzak ere), baina berriz jaiotze hori ia ezinbestekotzat jotzen dut berriro ere ilusioak pizteko eta diskurtsoak baikorrak izateko. Giroa sanoagoa izateko.

Nahikoa denbora izan da ebaluaketak egiteko, eta gauzei bueltak emateko. Bakoitzak jakin beharko du orain igande gauean zer bota sutara eta astelehen goizeko eguzkiari zein asmo azaldu. Ez du balio Realaren izenean egitea. Norberak egin beharreko zerbait da bere mamu beltzak botatzea eta barrua garbitzea. Eta garrantzitsuena. Norberak egin behar du salto suaren gainetik. Hiru jauzi egin behar dira gutxienez.

Suaren inguruan parranda egitea ere libre da igandean. Hori bai, hurrengo egunean indarberritzeko ura beldurrik gabe edatea komeni da, San Juan goizeko urak dohain magikoak (omen) ditu eta. Mendietako edo herriko iturrietatik egitea gomendatzen da gainera. Eta edana aipatuta, orrialde hauetatik isuritako informazioak okerretik edo aspergarritik izan duena ere sutara botatzeko asmoa aurreratzen dizuet. Datorren ikasturtean irakurleak iturri garbi eta osasuntsutik edan dezan gure ahalegina egingo dugula ere aurreratu dezaket txoko apal honetatik. Baita euskaraz egin ere.