Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Realean urte asko eman zituen entrenatzaile batek esandakoa etorri zait burura egun hauetan. Futbola Donostiako estropadak pasa arte ez dela benetan hasten. John Toshack handiak zer esan nahi zuen ulertzen dut. Bainujantzi, izozki, hondartza, zaldiko-maldiko eta zezen suzkoak izan beharko luketela oraindik gure bizimodua egituratzen dutenak, alegia. Baina hemen da berriro ere futbola. Hemen datoz hain luze jotzen duten tertulia pasionalak; analisi zientifiko eta baita emozionalak ere; gutariko bakoitzak barruan garaman entrenatzailearen kritika; telebista, irrati eta egunkarien jarraipen mamitsuak; sare sozialetako eromena... Hutsuneak betetzeko eduki mundiala!

Ezin aproposagoa izan zen galestarraren arraunaren aipamena. Traineruen lehiak ikasgai ugari uzten dizkio futbolari, eta bat nagusiki: aurretik joatea komeni dela. Estropada buru doazen arraunlariek ikusi egiten dituzte aurkariak, atzera begira baitoaz txalupa barruan. Zein garrantzitsua den aurretik hastea! Besteak atzetik ikusita arrauna sendoago sartzen da uretara eta samurrago atera. Esfortzu txikiagoa egin eta azkarrago ibilarazten da trainerua. Eta batez ere, burua arinago doa, energia guztia behar den tokira bideratuz. Alai bezain eraginkor.

Esan gabe doa atzetik joateak justu kontrako ondorioak dakartzala. Gehienetan ezinean joatea. Buruhausteekin norbera eta aldamenekoak nahastea. Gauzak ondo egitean ere zalantzan jartzea. Ikutu behar ez dena ere ikutzea. Gaizki hasteak komeria eta mamua besterik ez dakar. Bai arraunean eta baita futbolean ere. Mila buelta emango dizkiegu joko moldeari, prestakuntza fisikoari edo kontzeptu taktiko berriei, baina bada beste gauza bat guzti horren gainetik dagoena eta lehiaketaren bilakaeran eragin handiagoa duena: konfiantza. Hor dako koska! Taldean hamabigarren jokalari bezala sartzen badugu, gauzak ondo aterako dira, seguru. Atzea sendo gordeko dugu, jokoa errez antolatu, eta azken pasea ondo neurtu. Kanpora joaten den errematea barrura joango da. Baina konfiantza emaitzekin dator. Eta Donostiako estropadak amaitu baino lehen, hiru emaitza datoz.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios