Egurra

GAIZKA LASA

Distira puntua falta zaio gure Realari, bai. Baita hamar bat jokalari ere. Eta? Garai honetan zuhaitzak loretan egotea eskatzen al dugu? Udazkena beti izan da lan isilerako sasoia. Eta horretan, taldeari ezin ezer leporatu. Gustua ematen du mutil hauen lehiakortasuna ikusteak. Borrokalari dabiltza zeharo. Basoan lan eta lan ikusten ditut egurra, puntuak bezalaxe, pilatu eta pilatu. Horrela jarraituz gero, neguan ez du hotzik pasatuko Realak. Basarrik idatzi zuen moduan, «oraingo lanak or ekarriko ditu geroko patxarak / ederki asko uxatzen dira negu beltzaren ikarak / udazkenean bear bezela bete ezkero ganbarak». Horixe egiten ari da, bada, talde txuri-urdina azken asteotan. Aizkora ederki zorroztu zuen Imanolek agresibitatearen diskurtsoarekin eta hor ari dira jokalariak jo eta jo. Egurrean. Aspaldi ikusi ez ditugun bezala, gainera. Hori da hori aurrekoaren bila joatea! Monaco-ko erdilariek oraindik gipuzkoarren koskadak nabaritzen dituzte gorputzean.

Gauzak horrela, zaleak pozik harmailetan, noski. Nola ez dira egongo! Hainbat urtez ikusi duten talde tekniko bezain bigun hura historia da. Baloia ondo mugitzea eta borroka egitea bateragarriak izan daitezkeela baieztatzen ari da Reala. Buruz buruko duelu eta lehiei, datorrena etorrita ere, berme osoz aurre egiten die orain. Onenen pareko dabil korrikaldietan, jauzietan eta banan banakoetan. Egurra jaso eta egurra eman. Langile. Denboraldi gozagarri baten oinarriak jartzen ari da taldea udazken honetan hostoz urri geratu bada ere. Basarrik beste hau ere bota zuen. «Arto-babarrun jaso artean patxarik ezta izaten / presa bizian gurdi garoak etxeruntza eramaten / ganadu danak etzanleku on, biguna izan dezaten». Zorionekoak bada Reale Arenako ukuilura deituak. Ez dute aurten ez hotzik, ez goserik nozituko.