

Secciones
Servicios
Destacamos
Gerra Zibilaren garai latz, ilun eta zikinetan, gure inguruetan (Burgos aldean, adibiderako) ibili ziren Benito Mussolinik Francisco Francok herriaren kontrako borroka irabaz zezan bidalitako soldaduak.
Hanpurutsu, makarroi ibili ere, nahiz eta Adolf Hitlerrek heriotzarako ederki prestaturik ziren bidalitako beste tropekin ezin konparatuzkoak izan. Gezurrezko soldaduak ematen zuten, lumaz apaindutako beren kapelekin.
Badira Italiatik etorritako inbasore horien aztarnak Euskal Herritik hain urrun ez diren Gaztelako hainbat herritan, hainbat basotan, hainbat haitzetan. Izan ere, soldadu italiar faxista haiek denbora pila pasatzen zuten borrokan hasteko zain eta desesperoan. Seko asperturik (akziozko gizonak baino ez nahi zuen ba faxismoak), harrien gainean Mussoliniri zioten adorazioa azaltzen zuten labanaz, ganibetaz, baionetaz. Hor daude, oraindino. Ezkutuan. Denborak, haizeak, euriak kasik ezabaturik dira geroxeago Italiako partisanoek fusilatuko eta buruz behera zintzilikatuko zuten diktadore haren laudorioak baina bada bat baino gehiago irakurtzea, ulertzea. Esaterako… «Il Duce lo vuole, noi lo facciamo» (Il Ducek nahi du eta geuk, egin egiten dugu).
Martxan daude, bilaketa bat baino gehiago. Eta Gaztelan burutzen ari direnetan ere, Euskal Herritik, Donostiatik bertatik, hainbat ikertzailek bideraturikoak dira.
Horietan guztian pentsatzen genuen gutako batzuk ostegunean Donostiako Reale Arena estadioan, AS Roma taldearen kontrako futbol partidan. Horrelako Historia-oroitzapenak buruan, bor-bor zen estadioan, presio-eltzea ematen zuen Anoeta hartan. Euskaldunak faxisten kontra. Berriro ere.
Ez, ez dut esan nahi Mourinho, Spinalozza, Manzini, Belotti eta besteak Mussoliniren aldeko peto-petoak direnik. Ez. Baina egia biribila da Faxismoaren suak hartua zen Claretta Petacci amorante leiala izan zuen Benitok sortua izan zela Associazone Sportiva Roma izeneko futbol taldea. 1927an. Mussolini eta Alderdi Faxista Nazionalaren goi mailako kideek aukeratu zituzten ekipamenduaren koloreak (inperioaren gorri hura…), armarria (Erroma hiriaren ikurra den Romulo eta Remo bikiak bulartu zituen otsoa…). Egia biribila ere La Romak egoitza eta zelai izan zuen Stadio Olimpico delakoan zutik dirauela, egun, diktadore guztiek horrenbeste maitatzen duten garaipenaren sinboloa den 'V' hori. Harrizkoa, maiuskulaz zizelaz landua. Eta 'V' horren gainean, Il Duce irakur daiteke. Oraindik ere.
Ez. Egia da gaurko La Romaren agintariek zazpi ahaleginak egiten dituztela iragan zikin horretatik aldentzeko. Egia ere futbol talde guztietan, (gureetan barne) mutur muturreko jendea dagoela. Egia La Romaren etsai nagusia den La Lazioren zaleek ere gustuko, oso gustuko, gustukoegi, dutela eskuineko besoa altxatzea, pasatako inperio ororen soldaduak balira bezala.
Egia, egia, egia. Ezin ukatu. Biak dira antzeko-parezidoak. Baina Donostiaratu zirenak 'I Giallorosii' (gorri-horiak) 'La Lupa' (otso emea) 'La Magica', 'Capitolini' (hiriburukoak, hiriburu inperialekoak) 'Lupi' edo 'Lupet'ti (otsoak- otsokumeak) izengoitiez ezagunak direnak izan ziren.
Kristona izan zen partida. Egundokoa giroa. Borroka Gaua ematen zuen ostegunekoak. Faxistak bueltatu ziren Donostiara eta kale-argitan zein paretetan itsatsi zituzten pegatinetan argi eta garbi utzi zuten kontu pare bat; nostalgia handiz akordatzen dira Mussolinik Erromara helburu, helmuga, xede zuen Martxaz (1922 urte hartan, alkandora beltzez jantzitako gazte armatuek setiatu eta hartu zuten hiria, kaleetan barna desfilatuz hantuste eta manera mehatxuzkoz). Horrexegatik, nostalgia bortitzak jota daudelako badituzte euren banderetan 'Roma Marcia Ancora' (bidean eta martxan dirau Erromak) dioten stickerrak.
Akordatzen dira Ducerekin. Baita areriorekin ere. 'Verme', (zomorro) deitzen diete Laziokoei eta Maradonaren Napolesi diote gorrotoa inoiz baino biziagoa dela ez dute ezkutatzen. Zurriola hondartzaren harean aurkitutako pegata batek zera zioen: «Odio Napoli». Itzulpena ez da beharrezkoa, nik uste.
Bueltatu ziren faxistak Donostiara. Baina gurean ez gintuzten garaitu. Hutsean geratu baitzen partida. Bide batez, ez pentsa La Roma tiraderetan edo armairuan mamuak edo hezurdurak dituen bakarra denik. Mussolinik La Mostra Internazionale d'Arte Cinematografica della Biennale di Venezia sortu zuen 1932an. Munduko. Zinema jaialdi zaharrena da. Urte batzuk beranduago, II. Mundu Gerra bukaturik, Aliatuek, jeloskor ederki asko baitzekiten zinemak jendea bizi egiten zuela, Cannesekoa sortu zuten.
Otsoak Donostian izan ziren. Baina ez zuten golik lortu.
Noticia patrocinada
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.