BETIKOA, BERTAKOA

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Gauzak aldatu egiten direla esaten didate. Ez denak ordea. Zorionez. Gauza borobil bati (baloia aukeran) ostiko bat emanez irudimena martxan jartzen duten ume ugari dago gaur ere Mutrikun, Zarautzen, hango eta hemengo txokoetan. Hori ez da aldatu. Bai ordea, aurrez aurre aurkituko duten futbola. Aspaldi erotu zen negoziotik kiroletik baino gehiago duen joku hau. Eta erotu gintuen. Partiduak ez dira orain bertakoentzat jokatzen, Chinan, Amerikako Estatu Batuetan edo Arabia Saudin telebista aurrean dagoenarentzat baizik. Pentsa, Espainiako ligako jardunaldiak Amerikara eramatea ere jarri da mahai gainean. Ez dakit ordainduta ere New York City eta Atlanta United taldeen arteko norgehiagoka bat ikustera joango nintzatekeen Anoetara astelehen edo ostiral gau batean. Baina frikismoa, dirua bezalaxe, soberan dago futbolean.

Gauza batzuk asko aldatu dira, bai. Orain taldeko atzekaldea sendotzeko Frantziako iparraldean bigarren mailako talde batean jokatzen duen 19 urteko gazte baten bila joaten gara. Orain atea zainduko digun 18 urteko mutiko baten bila Ozeano Atlantikoaren beste alderaino iristen gara. Onena opa diet Modibo Sagnan eta Moisés Ramírez jokalariei, Realari onena opa diodan neurrian, baina gauzak aldatu egiten direla gogorarazten didaten horiei zalantzan jartzen diet aldaketa batzuen onura.

Zalantzan jartzen ditudan bezalaxe 12 urteko umeen fitxaketak. Gero eta azkarrago datoz ikuskatzaileak gure herrietara gero eta lehenago hazi nahi ditugun seme alaben talentua bereganatu nahian. Milango Inter taldeko ordezkariak ere Euskal Herritik barrena ibili omen dira. Ez al da ba esaten arrantza munduan arrain txikiak libre utzi behar direla? Ba aipatutako honek arrantzatik asko duela esango nuke.

Hain gaizki lan egiten al dute Zarautz, Mutriku edo Gipuzkoako gainontzeko futbol elkarteek hain txikiak diren jokalarien trebakuntza euren esku ez uzteko? Erabat deskuidatuta nagoela esango didate gauzak aldatu egiten direla dioten horiek, baina agian herri txiki horietara begira jarri beharko genuke. Betikoari balioa eman beharko genioke hainbeste erotu gabe, iparra galdu gabe. Nor garen eta nondik gatozen ahaztu gabe.