Baloia errekaraino

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Espainiako hiriburuko tertulietan alde batera utzi zuten lider sendo ginela eta Real Madrid zazpi puntura joan zaigu orain. «Bihotzeraino sartua baztertuaren arantza, eromen kolpez berpiztu nahirik gure esperantza». Halaxe sumatzen dut gaur realzalea. Xabier Leteren etsipen existentziala, ordea, beti dator borrokari lotua, eromen kolpez sortua. Euskaldun zaharrak beti izan duen tema hori gaur berdegunean islatzera doa. Gaur, aberriaren poeta kantaria hil zela hamaika urte betetzen direnean.

Leteren herriko futbol zelaian, Ugaldetxon, umetan baloaiak jasotzera joateko ardura –ohorea orduan– izan genuen kuadrilan. Erregionalean jokatzen zuen taldearen partidetan betetzen genuen lan hori, inoiz jan ditudan erregaliz goxoenen truke. Ihes egindako baloiak jasotzeko kirol instalazio barruan metro batzuk korrika egitearekin nahikoa izaten zen. Desberdina zen jokalariren batek gorputz eta arima bat eginez hanka gogor sartu eta baloia errekaraino bidaltzen zuenean. Hori mugarria zen partidan. Mezua arerioarentzat. Irmotasunaren adierazpena. Eta hala ospatzen zuten zaleek guretzat putakeria zena. Bada, gaur baloia errekaraino botatzeko gaua da Anoetan. Eromen kolpez jendea bere eserlekutik altxatzeko gaua.

«Limosnatik bizi diren umezurtz batzuen gisan periodikuak ez dira gutaz mintzatzen Parisan» zioen Letek gaur realzaleak daukan sentimendu berarekin. Lasai, Realak irabazten badu ere, Real Madridek galdu egin duela entzungo dugu Gipuzkoatik kanpo, baita gure lurraldeko zenbait girotan ere. Berrogeita lau kazetari zenbatu nituen atzo goizean Zubietan Realaren entrenamenduan. Bospasei sei izan ohi gara normalean.

Baloiak jasotzen genituen tokitik ez oso aparte errota zahar maitea zegoen garai batean. Kantak dioen bezala, «izar eder bat dago hor goiko lepuan, errota zaharra, berriz, erreka zokuan». Alea xehetzen jarraitu behar.